XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, legez kanpo daude tabakoa, alkohola, kafeina, kirol kontaktudunak, haragia, gatza, hitzezko arrunkeriak, txokolatea, gasolina, joko ez hezitzaileak, pikanteak oro, abortatzea eta lizentziarik gabe ernari gelditzea.

Jende guztiak eufemismoz jositako berriketa inozoa dauka: norbait hiltzeari, noski, baimenik gabeko bizitzaren amaiera esaten zaio.

Halako panorama batean, Stalloneren biolentzia, hizkera zakar eta molde matxistak eskertzekoak bihurtzen zaizkio ikusleari, grazia berezia irabazten dute...

Beraz, Stalloneren zerbitzura jarritako fantasia hutsa da gizarte politically correct hori?

Adi bada:

Estatu Batuetako eskolako testuliburuetan, nonbait, eragiketa matematikoak haurrei irakasteko modu grafiko ohikoena marrubi-pastelen marrazkien bidezkoa izan omen da.

Marrubi-pastela hirukietan zatikatu eta halako kalkulu errazak ulertarazteko erabiltzen dira ilustrazio horiek.

Baina, hara, Kalifornian, eskola-liburuetatik marruti-pastelak ezabatzea proposatu omen dute bertako hezkuntza-arduradunek, marrubi-pastelak ez direlako politikoki zuzenak.

Zergatik?

Batetik, azukre gehiegi duen jana delako, osasunaren kalterako diren ohitura eskasak sortzen dituelako, eta, bestetik, jaki hori tradizio anglosaxoiaren adierazlea delako, eta Kaliforniaren izaera multietnikoa ez delako kontuan hartzen.

Hortaz, irudiak burrito mexikarrekin eta beste janari zatigarri batzuekin ordezkatzea proposatzen da.

Kaliforniako haurrak zuzen hezi nahi dituzte beraz, politikoki zuzen alegia.

Hezkuntza baita gerra honen beste fronteetako bat.

Suedian eta Europako beste herrialde aurreratu batzuetan, mutikoak eta neskatoak eskolan bananduta hezitzeko saioak berreskuratu egin behar direlakoan daude pedagogo edo hezitzaile batzuk.

Itxura batean, batzuk eta besteak aldenduta, hobeto hezi daitezke bai neskak eta bai mutilak.